Sasieta mankomunitatea

Albisteak rss

Mankomunitatearen bilketa ordenantza berria indarrean sartu da

2026/09/01 | Birziklapena

Mankomunitatea

Joan den abuztuaren 28 Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen “Sasieta Mankomunitatea osatzen duten udalerrien eremuan etxeko hondakinak eta merkataritza-hondakin ez-arriskutsuak bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen Ordenantza” berria.

 

Apirilaren 8ko 7/2022 Legeak, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak Arautzekoak eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoak, toki-erakundeak lege horretara egokitzen diren ordenantzak onartzera behartzen ditu, hondakinak biltzearen eta kudeatzearen alorrean beren eskumeneko betebehar berriak ezarritako epeetan betetzen direla bermatzeko.

Ordenantza honen xedea da, mankomunitatea osatzen duten udalerrien eremuan udal-eskumeneko hondakinak eman eta biltzera bideratutako jokabide eta jarduera guztiak arautzea.

Ordenantza hau etxeetan, zerbitzuetan eta industrietan sortutako «etxeko hondakin» arriskutsuei eta ez-arriskutsuei eta «merkataritzako hondakin» ez-arriskutsuei aplikatuko zaie.

Hondakin-ekoizleek mankomunitateko bilketa-bitartekoei derrigorrez entregatuko dizkiete hondakin horiek, ordenantzan hondakinak entregatzeko ezarritako egutegi, ordutegi, leku, modu eta gainerako baldintzak betez.

Hondakin-ekoizleek hondakinak jatorrian derrigorrez bereizi behar dituzte, eta bereizi ondoren, hondakina sortu den udalerrian hondakin-frakzio bakoitzerako jarritako ontzietan (edukiontziak, zaborrontziak, kaiolak…), instalazioetan edo bilketa-puntuetan sartuko dituzte.

Ordenantzan xedatutakoa betetzen dela zaintzea eta ikuskatzea mankomunitateko funtzionarioei eta mankomunitatea osatzen duten udalerrietako udaltzainei dagokie.

Ordenantzan xedatutakoa urratzen duten ekintzak edo ez-egiteak, arau-hauste administratibotzat hartuko dira.

Ordenantzan arau-hausteak arin, larri eta oso larri gisa tipifikatuta daude, eta isun hauek ezarriko zaizkie:

1. Arau-hauste ARINEN kasuan: 750 eurora arteko isuna.

2. Arau-hauste LARRIEN kasuan: 751 eurotik 1.500 eurora arteko isuna.

3. Arau-hauste OSO LARRIEN kasuan: 1.501 eurotik 3.000 eurora arteko isuna.

Azpimarratu behar da Sasieta Mankomunitateak isun ugari jartzen dituela, batez ere birziklatzeko edukiontzietan (edukiontzi horian batipat) hondakinak nahastuta, hau da, bereizi gabe, botatzeagatik. Orain arte, arau-hauste arinak 90 eurorainoko isunarekin zigortzen ziren. Orain ordea, kopurua nabarmen igoko da.

Mankomunitateak isunak jartzen jarraituko du, izan ere kalitaterik gabe ez dago birziklatzerik.

 

Material osagarria

inprimatu lagunari bidali
 

Iruzkina egin

Sasieta Mankomunitatea
© 2026 Sasieta Mankomunitatea
Iturraldetxiki Industrialdea 3 | Salbatore auzoa | Beasain | Tel. 943 16 15 55 Fax. 943 16 06 04
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua