
2026/10/22
“Hondakinak kitto!” ikasgeletara itzuli da: murrizten, berrerabiltzen eta birziklatzen ikasteko Sasieta Mankomunitatearen ingurumen-hezkuntzako kanpainak 700 ikasle baino gehiagorengana helduko da Lehen Hezkuntzan, eta Bigarren Hezkuntzako 40 gelatara.
Sasieta Mankomunitateak “Hondakinak kitto!” sentsibilizazio-kanpainaren edizio berria abiarazi du ikastetxeetan. Ikasturte honetan, kanpainak 13. edizioa beteko du Lehen Hezkuntzan eta 12.a Bigarren Hezkuntzan. Lehen Hezkuntzako 3. zikloko 700 ikaslek parte hartuko dute, eta Bigarren Hezkuntzako 11 ikastetxetako 40 gelak.
Lehen Hezkuntza: bi saio egingo dira, bata gelan eta bestea jolasgunean.
Lehen Hezkuntzako gela bakoitzak bi orduko jarduera izango du ingurumen-hezitzaileen taldearekin. Lehen saioa gelan egiten da, aurkezpen interaktibo batekin eta dinamikekin: esate baterako, zabor-poltsa bateko hondakinak sailkatzea edo “egia ala gezurra” lehiaketa. Bigarren saioa antzar-jolas erraldoi baten gaineko saioa da, hiru “R”ei buruzko probekin. Erosketa arduratsua, berrerabilpenaren inguruko jolasa eta koloreen arabera sailkatzeko erronkak landuko dira.
Bigarren Hezkuntza: ordu eta erdiko tailer praktikoa
Bigarren Hezkuntzako ikasleek taldeka landuko dituzte hondakinen arazoa, hiru “R”en hierarkia (elikagai-xahutzeari arreta berezia emanez) eta edukiontzietan egin beharreko bereizketa zuzena.
Familiak ere protagonista.
Amaieran, Lehen Hezkuntzako ikasle bakoitzak digitalki idatziko die gutun bat bere senideei, ikasitakoarekin eta hondakin bakoitza non utzi behar den azaltzen duen informazioarekin.
Egutegia
Lehen Hezkuntzako jarduerak urriaren 20tik azaroaren 4ra bitartean egitea aurreikusita dago. Bigarren Hezkuntzakoak ondoren egingo dira, abenduaren erdialdera arte.
Kanpainak Ecoembes eta Ecovidrioren laguntza du. Interesa duten ikastetxeek www.sasieta.eus webgunean eman dezakete izena, ikastetxeei zuzendutako atalean.

© 2026 Sasieta Mankomunitatea
Iturraldetxiki Industrialdea 3 | Salbatore auzoa | Beasain | Tel. 943 16 15 55 Fax. 943 16 06 04
Lege oharra | Irisgarritasuna | Kontaktua