- Hasiera
- Albisteak
Beasainen hondakinen bilketa berria
2016/02/26 | Birziklapena
Mankomunitatea, Beasain
Beasainen, zabor-edukiontzi berdea kendu egingo da.
Beasaingo Udaleko alderdi politiko guztiek adostasuna lortu dute.
Beasainek urteak daramatza hondakinen gaikako bilketa eta birziklatzea sustatzen. Azken bi urteetan zabor-tasetan hobariak ere eman ditu udalak materia organikoaren bilketari bultzada eman asmoz. Denen artean %47ko ehunekoa jo dugu, baina ez da oraindik nahikoa. Jauzia eman eta gutxienez %70 edo gehiago lortzeko unea iritsi da, ingurumen arrazoiak eta arrazoi ekonomikoak tarteko.
Beasaingo Udaleko alderdi politiko guztiek ADOSTASUNA lortu dute zabor-edukiontzi berdea kendu eta haren ordez, astean bitan txartelarekin irekitzen den edukiontzi gris itxia jartzeko. Organikoarentzako edukiontzi marroia txartel bereberarekin noiznahi ireki ahal izango da.
Ordenantzan xedatutakoaren arabera, hondakinak bereizi egin behar dira eta dagokion edukiontzi barruan sartu. Edukiontzi gris berrian “errefusa” bakarrik sartu ahal izango da, hau da, birziklatu ezin daitekeena.
Aurki etxebizitzei eta dendei zuzendutako kanpaina abiaraziko da, bereziki hondakinak oraindik bereizten ez dituztenei edo informazioa behar dutenei zuzendua.
Kaleko edukiontzi gris itxia nagusiki etxebizitzetarako izango da eta baita oso errefusa gutxi sortzen duten denda txikientzako ere.
Horretaz gain, denda handiagoei “errefusa” bilketa pertsonalizatu bidez jasoko zaie, beraiei emandako edukiontzi gris indibidualen bidez. Organiko asko sortzen dutenei ere, era pertsonalizatuan edukiontzi marroi indibidualen bidez biltzeko aukera emango zaie. Aurki dendek Sasieta mankomunitateko Ingurumen-teknikari baten bisita jasoko dute, sistema berriari buruzko informazioa emateko eta bilketari berehala ekiteko behar duten materiala aztertzeko.
Iruzkina egin